Zergatik dira istorioak garrantzitsuak?
Istorio artean hazi gara eta istorio artean hezi gara. Denok dugu bizipenez beteriko historia eta denok dugu kontatzeko zerbait. Enpresen kasuan, markaren historia proiektuaren narrazioa da. Era berean, historia markaren identitatearen alderdi garrantzitsu bat da eta enpresak adierazten dituen baloreak barne hartzen ditu. Istorioak kontatzea komunikatzea da. Baina, istorioen kontakizuna zergatik da garrantzitsua?
Istorioak deigarriak dira
Alde batetik, markaren historiak bezeroaren arreta erakartzen laguntzen du. Bezeroei istorioak gustatzen zaizkie eta produktu edo zerbitzu baten atzean zein dagoen ezagutzeko jakin-mina dute. Marka sortu duten pertsonak ezagutu nahi dituzte, eta aldi berean, proiektuaren historia. Besteak beste, sorrerari buruzko datuak ikusmira pizten die, hala nola, zergatik eta nola sortu zen. Halaber, ondo kontatutako istorio batek harrapatu egiten gaitu.
Sentimenduak sorrarazten dituzte
Horrez gain, kontakizunek gure alderdi emozionala aktibatzeko gaitasuna dute. Istorioek emozioak transmititzeko ahalmena dute. Oro har, bizipen edo pertsonekin identifikatuta sentitzen gara eta emozioak sorrarazten dituzte. Hain zuzen ere, enpatiak beste pertsona batzuen bizitzara gerturatzera garamatza eta haien kontakizuna hobeto ulertzea eragiten du. Modu berean, istorioek konfiantza transmititzen dute. Izan ere, pertsonek egiten dute historia eta istorioak pertsonek kontatzen dituzte.
Gogoangarriak dira
Ez hori bakarrik, istorioak oroimenean gordetzen ditugu. Gustatu zaizkigun edo erakarri gaituzten istorioak oroitzen ditugu. Horregatik, istorioen funtzioa bezeroengan inpaktu bat sortzea da. Dena dela, kontakizunak egiazkotasuna, gardentasuna eta koherentzia mantendu behar ditu. Hala, ondo eraikitako istorio bat errazago gogoratuko dugu.
Konpetentziatik desberdintzeko balio dute
Gainera, markaren historiak lehiaren artean gailentzen laguntzen du. Storybrand edo storytelling teknikak erabiltzea beste marka batzuengandik bereizteko modu bat da. Hots, oraindik asko erabili ez diren teknika berritzaileak dira. Eta aipatutako guztiagatik, komunikatzeko modu erraz eta funtzionala dira.