Marketin emozionalaren gakoak
Marketina produktu edo zerbitzu baten komertzializazioa sustatzeko merkatuaren azterketa eta hori aurrera eramateko erabiltzen diren teknikak dira. Gero eta teknika gehiago garatzen dira eta azterketa oso zabala da, ondorioz, hainbat marketin mota daude. Hain zuzen ere, marketin emozionala da bezeroen emozioetan zentratzen dena. Bezero eredu eta markaren artean lotura emozionala sortzea baitu helburu.
Bezero eredua, bide batez, markarekin bat egiten duen pertsona multzoa da. Dela filosofia, sinesmen edota balio berdintsuak dituztelako. Dela markak talde horrek behar edo nahi dituen produktu edo zerbitzuak eskaintzen dituelako. Markak pertsona horiek bilatzen ditu eta marketinak haien arteko konexioa sortzea du helburu.
Emozioei dagokionez, marketin mota honek kontsumoaren inguruan pertsonak eta hauen jokaerak aztertu ditu. Ondorioz, pertsonen erabakietan emozioetan erdiratzen diren arrazoiak daudela ikusi dute.
Enpresak pertsonak kontsumitzera bultzatzen dituzten estrategiak hautatzeko zenbait arrazoi, diferentziazioa eta fidelizazioa dira. Markek berarekin merkatuan lehiatzen duten gainontzeko markengandik ezberdintzea bilatzen dute. Era berean, haien produktu edo zerbitzuak lehiakideengandik bereizi nahi dituzte. Marketina merkatu oso lehiakorrean gailentzeko erabiltzen diren tekniketan oinarritzen da.
Ildo horretatik, markek haien bezeroak fidelizatzea nahi dute. Marka eta bezeroaren artean lotura bat dagoenean gertatzen da fidelizazioa. Gainera, markak kontsumitzaile berriak lortzen saiatzen dira. Proiektuarekin enpatizatzen duten publikoa bilatzen dute. Marketinak produktu batek jende guztiarentzat balio ez duela ulertzen du. Hortaz, haien publikoarekin konektatzea jomuga duten teknikak erabiltzen dira.
Gero eta gehiago erabiltzen da marketin emozionala, hala ere hain hedatuta ez dauden teknika berritzaileak daude. Hain zuzen ere, marketina prozesu bat da eta enpresa analizatzea da lehen pausoa. Haren egoera, identitatea eta helburua aztertzen ditu lehenik. Eta ostean, estrategia martxan jartzen du. Narrazioan oinarritutako hainbat teknika oso erabilgarriak dira eta jendearekin konekatzea dute xede.
Alde batetik, storybrand markaren filosofia komunikatzeko eta transmititzeko teknika da. Markek haien historiaren eraikuntzan egiten dute lan, audientziari proiektua zer asmo eta sinesmenetatik sortzen den kontatzeko.
Marketin mota honetan gailentzen den beste teknika bat storytelling ezaguna da. Istorioak emozioak aktibatzeko gaitasuna dutela aintzat hartzen da. Hartzailea narrazioarekin identifika daiteke eta istorioarekin enpatizatu dezake. Hunkitzera heltzen diren istorioak errazago gogoratzen dira eta pertsonengan arrastoa uzten dute.