Storytellinga EZ da zure enpresaren, produktuaren edo zerbitzuaren historia kronologikoa azaltzea
Ez da gauza bera. Ez beti.
Baliabide batzuk, arte bat, zientzia, erabiltzea da irakurleak edo entzuleak (kasuan kasu) kontatzen ari zarena entzuten edo irakurtzen jarraitzeko.
Zergatik da interesgarria?
Gogoratzen al duzu duela astebete bazkaldu zenuena? Baliteke, janaria berezia bazen eta, agian, haurtzaroko sentsazioren bat oroitarazi bazizun. Bestela, zaila.
Gogoratzen al duzu, aldiz, amonak bere altzoan zinela kontatzen zizun istorioa? Hala bazen, ziur ulertu didazula. Telefilmak eta serieak gogoko dituzuenentzat, gogoratzen al duzue Harry Potterren lehenengo filmaren nasa zein zen?
Horretaz ari gara, eta honetaz. Bezeroaren arreta lortzen baduzu zure produktu edo zerbitzuarekin, eta hura mantentzeko gai bazara, haren konfiantza izango duzu, eta hori da salmentarako lehenengo ezinbesteko urratsa.
Erosiko al zenion konfiantzarik ematen ez dizun norbaiti? Ez dut uste.
Orduan, landu ahal dezakegu istorioak kontatzeko artea gure bezeroei heldu eta gehiago saltzeko?
Bai, hala da. Pertsona guztiak gara nola edo hala “kuxkuxeroak”. Denok jakin nahi dugu ondokoak zer egiten duen, haren orrian sartuko gara (ezkutuan bada ere). Lehiakideek zer egiten dugun begiratzen dugu, “zer egiten dute hain emaitza onak lortzeko?”. Guztiok egiten dugu.
Bezero izan daitezkeenen kuriositate edo jakin-min horri etekina atera ahal diogu, eta haien arreta gure markarantz erakarri harreman komertzialak sendotzeko.
Hortaz, nola kontatu behar dugu gure istorioa?
Literatura ugari dago honen inguruan. Sare Contentseko liburutegian Héroe de las mil caras eta El viaje del héroe ditugu, Joseph Campbell-enak. Honek azaltzen digu mundu osoko mitoek partekatzen dutena. Heroiez eta maltzurrez (bilauez) hitz egiten digu. Pertsonaiak eta egiturak errepikatzen direnaz.
Bestetik, badugu Carlos Salasen Storytelling liburu praktikoa ere.
Eta barneratu berri dugu La ciencia de contar historias, Will Storr-ena.
Zein ondorio atera dugu haietatik?
Irakurtzen edo entzuten jarraitu nahi ditugun kontakizun horietan hamaika elementu edo alderdi errepikatzen dira. Jakin-mina sortu eta hari eutsi behar zaio, irakurlearen edo entzulea asebetetzeko.
Nola?
Hainbat formula dauden arren, malguagoak edo zurrunagoak (ez ditugu guk gustuko zurruntasunak) hurrengo sei kontuen inguruan hausnartu:
- Izan zu. Zehaztu nor zaren, nolakoa den zure marka. Nola nahi duzu aurkeztua izatea? Zein balio goraipatzea nahiko zenuke? Zintzotasunez.
- Zintzo hitz egin. Zuk badakizu zintzoa zarela (espero dugu), besteek ere hori hauteman behar dute, zure lanean, zure irudian, zure harremanetan jartzeko moduan. Argi izan balioak transmititzen ari zarela uneoro. Izan daitezela zuk definitutakoak. Koherentea izan.
- Zehaztu nori lagundu ahal diozun. Aztertu nolakoa den pertsona edo enpresa hori, eta zure laguntzak zein onura ekarriko liokeen.
- Pentsatu nola lagun dezakezun. Ez itzazu beharrak asmatu. Nola lagundu dezakezu benetan? Izan fidagarria eta koherentea. Ez ezazu zure irudia zapuztu.
- Azaldu zein arazo konpontzen duzun eta nola. Azaldu zerk egiten zaituen berezi besteen ondoan.
- Hasteko, eredu erraz honi jarraitu ahal diozu: Arazoa (bezeroarena) – Nahasmena (bezeroaren lekuan jarri eta pentsa nola sentitzen den arazoarekin) – Konponbidea (zuk konpondu ahal diozu arazoa). Kontakizuna idazteko modu bat baino gehiago dago, baina bezeroaren arazoa azaldu eta zuk nola konponduko zeniokeen azaltzea lortzen baduzu, balio berberak partekatzen dituzularik, zure istorioak balioa izango du eta, argi dago, bezeroaren arreta izango duzu eskura.
Jakina, hori guztia ENPATIA handiarekin. Letra larriz.
Argi izan zure nortasuna ezinbestekoa dela eta, horregatik, besteei ongi joan zaiena zuri balio ez izatea. Istorio desberdinak dituzue, eta bezero desberdinak ere izan ditzakezue.
Gehiago jakin nahi? Jarrai gaitzazu.
Bidaia ona izan, heroia.