Komunikazioaren artea
Artea gizakiak helburu estetiko eta komunikatibo batekin egiten duen jarduera oro da. Zazpi diziplinek osatzen dituzte arte ederrak: arkitektura, eskultura, pintura, musika, dantza, literatura eta zinema. Literatura idatzizko adierazpenaren artea da, genero eta molde ezberdinek osatzen dute, hori dela eta literatura-lan bat komunikatzeko modu bat da.
Literaturak ideiak, sentimenduak, esperientziak edo historiak adierazteko helburua du. Narrazioek pentsamenduak, emozioak eta sentsazioak eragiteko ahalmena dute. Modu berean, pertsona baten historia eta errealitatea azaltzeko gaitasuna dute kontakizunek.
Komunikazioaren artea hartzaile eta igorlearen arteko konexio emozionala lortzea da. Igorleak hartzaileari kode komun baten bidez seinaleak transmititzea da komunikazioa. Hainbat elementuk osatzen dute komunikazioa:
- Igorlea: komunikazioa igortzen duena da.
- Hartzailea: komunikazioa jasotzen duena da.
- Mezua: komunikatzen den edukia da.
- Kanala: mezua bidaltzeko erabiltzen den bidea da.
- Testuingurua: mezua transmititzen den ingurunea da.
- Kodea: mezua transmititzeko seinale-sistema da.
Komunikazioa eta lotura emozionala
Marka batek komunikazioa erabiltzen du haren publikoarekin konektatzeko asmoarekin. Helburua publiko jakin baten arreta erakartzea da. Ondorioz, mezuak argia izan beharra du, publikoak transmititzen den mezua ulertu behar du.
Komunikazioaren gakoa erabiltzen den tonua da. Tonuak hartzaileari zelan komunikatzen zaion definitzen du, publikoarekin komunikatzeko erabiltzen den estiloa da. Tonuak markaren nortasuna irudikatzen du. Zerbitzu edo produktu baten inguruan ematen den informazioa adierazteko modua da.
Markak hartzailearen hizkera partekatzen badu, hartzailea identifikatuta sentituko da eta konexioa erraztuko du. Hizkuntza berdinean komunikatzeak gertutasuna eskaintzen du. Kode partekatuak ulermena errazten du, hartzaile eta igorlearen lotura ahalbidetuz.