Idazlearen dekalogoa
Mezua zehaztu.
Testu batek funtzio komunikatiboa du eta helburua irakurleari mezu bat transmititzea da. Lehenengo pausua zer adierazi nahi den finkatzea da eta zer formatutan. Ideiak garbi edukitzeak idazteko lana errazten du. Horretarako, lagungarria da testua idatzi baino lehen eskema bat sortzea eta gaiarekin lotutako hitz gako batzuk prest izatea.
Hartzailearengan pentsatu.
Kontuan hartu beharrekoa da zer motatako testua den eta zeini zuzenduta dagoen. Hizkuntzaren erabilera aldakorra izan daitekeelako testua irakurriko duen publikoaren arabera. Mezua testuingurura egokitzea oinarrizkoa da irakurleak testua uler dezan.
Egituratu testua.
Testua irakurterraza izateko ideiak parrafoka bereizi eta saiatu esaldi laburrak egiten. Puntuazio-markak egoki erabiltzea garrantzitsua da esanahia mantentzeko. Baita ere antolatzaile ezberdinez baliatzea idazlana aberasteko.
Idazkera zaindu.
Ortografia akatsak ekidin. Idazlearen aliatu nagusia hiztegia da, zalantzaren aurrean edozein kontsulta egiteko balio du. Gomendioa, idatzi eta ondorengo egunean testua berrikusi eta zuzendu. Edo konfiantzazko zuzentzaile bati errepasatzeko eskatu.
Zintzotasunez mintzatu.
Lengoaia argia maneiatu. Idazteko eta adierazteko modua gardena izan behar da, hurbiltasuna eskaintzeko. Komunikatzea ardura handiko lana da eta pertsonengan inpaktua sortzen du, bada zintzotasunez idatzi.
Hizkuntza aberasteko baliabideak erabili.
Ez da hitz egiten dugun modu berean idazten. Hizkuntzaren arauak errespetatu behar dira eta esaldiak modu egokian egituratu. Argumentuak edo ideiak adierazteko modu ezberdinez baliatzeak idatzia apainduko du. Horretarako, sinonimoak eta esamolde ezberdinekin lan egin.
Koherentzia mantendu.
Testuak zentzua izan behar du. Idazten den hitz eta esaldi orok transmititu nahi den mezuaren esangurari eutsi behar diote. Helburua irakurleak idazlana ulertzea da. Horregatik, egiturak lotura mantentzea oinarrizkoa da.
Egiazko edukia eskaini.
Eskaintzen den informazioa sinesgarria izan behar da. Datuak erabiliz gero, egiaztatu. Benetakotasunak eta originaltasunak konfiantza ematen du. Ziurtasun eza sorrarazten dizun hori, hobe ez idatzi.
Interesgarria egin.
Idazleak testu bat elaboratzen du irakurria izan dadin. Beraz, irakurleentzat eskaintzen den edukia informatzailea ez ezik entretenigarria izatea ere kontuan hartu. Zerbait berria eskaini.
Gozatu.
Idaztea sormen lana da. Bakarrik egoteko eta kontzentratzeko momentua da. Jarri ezazu martxan zure originaltasuna!