Nola komunikatu krisi uneetan?
Krisi edo zailtasun une bat igarotzea saihestezina da. Sarri onartu beharra dugu arazoak bizitzaren parte direla eta baita lanaren parte ere. Entrega batean atzeratzea, ekoizpenean akatsak egotea, langile falta edo baliabide gabezia izatea, esaterako. Hala, krisi garai bat lanaren garapena arriskuan jartzen duen egoera erabakigarria da. Badiru inoiz ez gaudela tankera honetako zailtasunei aurre egiteko guztiz prest. Baina estrategia orok barne hartzen du edozein oztopori aurre egiteko eta gertatutakoaz eta aldaketaz jakinarazteko plan bat.
Plan estrategikoa enpresak denbora jakin batean helburuak lortzeko egin beharreko ekintzak ezartzen dituen dokumentu bat da. Plan honek bere gain hartzen ditu analisia, helburuak eta ekintza plana, besteak beste. Eta horrez gain, krisi komunikazio plana.
Krisi komunikazio plana momentu kritiko batean nola erreakzionatu zehazten duen gida da. Hortaz, egoera konplexu bat sortzean, erakundea prest egongo da erantzun eta arazoa konpontzeko, egoera ez larriagotu eta ondorioak ez areagotze aldera.
Komunikazio plana
Lehen pausoa komunikazio arduraduna zein pertsona edo talde izango den aukeratzea da, hots, arazoa zeinek jakinaraziko duen, kaltetutako alderdiekin zeinek izango duen harremana eta jarraipena zeinek egingo duen zehaztea.
Komunikazio arduraduna izendatzeko modu bat komunikazio trebetasunak ebaluatzea izan daiteke. Lasaitasuna mantentzea eta ez asaldatzea bezalako trebetasunak profesionalki komunikatzeko funtsezkoak dira. Era berean, azkar erantzutea beti onerako da.
Erantzukizun hau bere gain hartzen duena da azalpenak emateaz arduratzen dena, mezu edo komunikatu bat bidaliz. Hau argia izan behar da, garrantzirik gabe xehetasunez edo alferrikako azalpenez bete gabe.
Lanean aurreikusi gabeko zerbait gertatzean aktibatzen da ekintza plana. Hau da, akatsa ez errepikatzeko neurriak hartzea. Hitzen ondoren ekintza joan behar dira. Akatsa zein izan den aztertzea ezinbestekoa da konponbide bat izan dezan.
Lan bat ez datza eskaera bat jaso, egin eta entregatzean. Komunikazio kanal edo bide bat izateak edozein zalantza ebaztea, zerbait erreklamatzea edo harremanetan egotea errazten du. Zeregin bat ez da ia inoiz lehen entregan bukatzen, feedbacka jaso arte itxaron behar baita eta erantzunaren arabera, lana amaitutzat hartu edo egin beharreko aldaketak egin. Hori dela eta, egindako aldaketak jakinarazi eta komunikazioa mantentzea oinarrizkoa da. Ez dezagun ahaztu komunikazioa aldebikoa dela, bi alderdi edo gehiago baitira elkarrekintzan daudenak.
Azkenik, gertakariak eta gero neurriak ebaluatu behar dira. Aldaketen inpaktua baloratuz, gauza bere errepikatzea ekidin daiteke. Aldaketak eraginkorrak izan diren edo ez jakiteko inflexio-puntua da. Enpresa baten estrategia ez da aldaezina, etengabeko aldaketan dago, unean uneko baldintzetara egokituz.
Krisi baterako gomendioak
Badakigu krisi egoerak tentsio eta zalantzaz josiak daudela. Horregatik, garrantzitsua da kontuan hartzea zer ez den egin behar. Isilik geratzea, gertaerak ezkutatzea eta ezer ez egitea ezin dira aukera bat izan.
Arazoei aurre egiteak ikasteko, hobetzeko eta indartsuago bueltatzeko aukera ematen digu.