Estilo gida: markaren komunikazioaren oinarria
Markaren edukia
Branded content markarekin lotutako edukia sortzean oinarritzen den marketineko teknika bat da, audientziarekin konektatzeko helburuarekin. Publizitate digitala ez bezala, ez da inbaditzailea. Zerbitzu eta produktuetan ardaztu baino, balioak komunikatzeaz arduratzen da. Komunitatearekin lotura ezartzean datza eta nolabait, bere alorrean heztean.
Honek eragina du markaren posizionamendua hobetzearekin. Hots, jendeak markari buruz buruan duen posizioa da, lehiakideengandik ezberdintzea egiten duena. Eta gainera, engagement-a eta fidelizazioa dakartza. Izan ere, termino hauek erabiltzaileen konpromisoari egiten diote erreferentzia, erosketetatik haratago doana. Erabiltzaileek mezuekin duten interakzioa, konfiantza eta enpatia barne hartzen ditu.
Idatzizko komunikaziora bideratutako txostena
Estilo gida markaren idatzizko komunikaziora zuzendutako gidaliburua da. Enpresaren komunikazioa zaintzeko egindako txostena da, non hizkuntza kodifikatzen den, eta ez dauka zertan oso luzea izan beharrik. Besteak beste, arau linguistikoak (ortografia, gramatika…), estiloa eta glosarioa zehazten dira.
Idatzizko komunikazioan, estiloa gai bat aurkezteko erari deritzo, idazteko moduari. Zeina zuzenean enpresak edo markak erabiltzen duen tonuarekin lotzen den. Ahots-tonuak identitatea ematen dio markari. Adierazteko, saltzeko, ideiei buruz hitz egiteko, mezua transmititzeko modua da.
Estilo gidak alor ezberdinetan erabiltzen dira, nola marketinean hala kazetaritzan, nola unibertsitatean hala enpresetan. Idazketarako estilo gidez gain, diseinurako gidak ere badaude, zeinak markaren alderdi bisualaren komunikazioan oinarritzen diren.
Guzti honek asmo bat du, mezua koherentea izatea eta markaren identitatearekin bat etortzea. Komunikatzeko estiloak enpresa oinarritzen den baloreak transmititzen ditu, horregatik da hain garrantzitsua koherentzia mantentzea, markek haren publikoarekin konektatzea bilatzen baitute.
Analisi estrategikoa
Era honetako gidaliburu bat elaboratu ahal izateko, aurretik marka aztertu beharra dago. Azterketa hau teknika ezberdinen bitartez egin daiteke. hala eta guztiz ere briefing-a oso eraginkorra da eta asko erabiltzen da. Briefing-a produktu baten komertzializazioaren edo enpresa baten egoerari buruzko informazioa dakarren dokumentu bat da. Hauek dira kontuan hartu beharreko ezinbesteko puntu batzuk.
– Helburua: Lehen urratsa erakundearen xedea zein den definitzea da, hau da, zertarako lan egiten duen. Egiten duenarekin zer lortu nahi duen. Funtsean, zertarako merkaturatzen duen bere produktua edo zertarako eskaintzen duen bere zerbitzua.
– Balioak: Markaren oinarria haren balioak dira, dena eraikitzen da haien inguruan. Balioek erakundea zergatik eraiki zen islatzen dute, zergatik sortu den marka.
– Target: Pausu hau garrantzizkoena da, bezero eredua definitzea. Nori zuzentzen den jakiteak lan guztia errazten du. Komunikazio tonua zehazteko oinarrizkoa da.
Honenbestez, markaren komunikazioan lanketa egiteak, transmititzen diren balioei garrantzia ematen dien eta partekatzen dituen komunitatearekin lotura ezartzean mesede egiten du. Hori horrela izanik, estilo gida bat elaboratzeak mezuen koherentzia mantentzea errazten du eta baita tonua ere.