Itzulpengintzaren hastapenak
Lehen zibilizazioaren kokalekura jauzi egin behar dugu itzulpengintzaren sorrerara atzera egiteko. Betidanik mundu zabalaren parte izan dira kultura eta pentsamendu ezberdinak. Ondorioz, hizkuntza desberdinen bizikidetza aspalditik dator.
Itzulpengintzaren historia ulertu ahal izateko zenbait kontzeptu argitzea ezinbestekoa zaigu. Alegia, itzulpena idatzizko testuari dagokio eta interpretazioa ahozko hizkuntzari. Biak ala biak jatorrizko hizkuntza xede hizkuntzara itzultzearekin estuki lotuta daude. Ahozko hizkuntza idatzizko hizkuntza baino zaharragoa den heinean, interpretazioa da antzinagotik existitzen den modalitatea.
Hizkuntza
Hizkuntza gizakiaren komunikazio bidea da, zeinak ahozko, idatzizko edo keinu bidezko forma duen. Zientzialariek frogatu dute genetikoki duela 230.000 urte existitu zen Homo neanderthalensis-ak mintzaira artikulatua erabiltzeko gaitasuna zuela. Neandertalgo gizakia da Homo sapiens-aren ordezkari zaharrena. Homo sapiens-a duela 150.000-200.000 urte bitartean azaldu zen eta garaiotan hizkuntzak bilakaera esanguratsua izan zuen.
Hots, mintzaira sinbolikoaren agerpena aurrerapauso handia izan zen. Mintzaira sinbolikoak ikur, sinbolo eta zeinuen bidez hautematen den errealitateaz hitz egiteaz gain, sentimendu eta pentsamenduen komunikazioa ahalbideratzen duelako. Sinboloek dakarten mezuen interpretazioaren bidez hizkuntza kontzeptual eta esplizituak hartzen ez duena adierazten da.
Oro har, zenbait animalia espeziek haien komunikazio sistema dute. Giza hizkuntza, aldiz, sormen eta interpretazio gaitasunarengatik ezberdintzen da. Bada, giza garunean Brocaren eta Wernickeren area kokatzen dira. Brocaren area hitzak ekoizteaz arduratzen den nerbio-zirkuituen multzoa da. Bestalde, Wernickeren area ulermenarekin lotzen da, hitzei esanahia ematen dien garunaren atala delako.
Idazketa
Idazketa euskarri baten gainean marraztutako edo grabatutako zeinuen bidez hizkuntza baten irudikapen grafikoko sistema da. Informazioa gorde eta transmititzeko modu gizatiarra da.
Mesopotamian kokatzen da lehen zibilizazioaren jatorria, Sumerren, Kristo aurreko 4.100 urtearen inguruan. Sumertarrak izan ziren lehen idazketa sistema asmatu zutenak. Idazkera kuneiformea sortu zuten eta logogramen bidez idazten zuten, hau da, zeinuekin. Zeinu bakoitzak objektu bati egiten zion erreferentzia eta hitz bati ematen zion esanahia.
Gisa berean, literaturaren sortzaile izan ziren. Hain zuzen ere, Gilgameshen Epopeia da genero epikoaren lan zaharrena. Kristo aurreko 2.000 urtean idatzitakoa da eta Gilgamesh erregearen abenturei buruzko bost poemek osatzen dute. Gertakizun historiko garrantzitsua da, lehen lan epiko idatzia izateaz gain lehen itzulpenak ere egin zirelako. Momentu hartako hizkuntza nagusietara itzulpen partzialak egin ziren: sumeriarretik akadtarrera eta hititetara.
Itzulpengintzako hurrengo aztarnak Antzinako Egipton kokatzen dira. Ptolomeo Filadelfo II-ak, Kristo aurreko III. mendeko Egiptoko erregeak, Pentateukoa (hebreeraz Tora) itzultzeko ordena eman zuen, Alejandriako liburutegian munduko liburu guztiak gorde nahi zituzten eta. Pentateukoa judutarren oinarriak jasotzen dituen liburua da eta Moises profetak idatzitakoa omen da. Testuinguru horretan, grekeraz mintzatzen ziren egiptoarrak hebreera hitz egiten zuten juduekin bizi ziren. Beraz, faraoiak 72 pertsonaren kargu utzi zuen Pentateukoa hebreeratik grekerara itzultzea.
Beste aurkikuntza garrantzitsu bat Rosettako harria deritzona da. Kristo aurreko 196 urteko granitozko monumentu baten zati bati dagokio. Idatzita ageri dena Egiptoko Ptolomeo V faraioaren dekretu bat da eta eraikuntza handi baten zati txiki bat da gaur arte heldu dena. Halaber, harri honetan hiru idazkera ageri dira grabatuta: hieroglifikoa, demotikoa eta grekera. Idazketa hieroglifikoa agiri erlijiosetarako zen, demotikoa administrazio kontuetaratako eta grekera Egipton gobernatzen zuen greziar jatorrizko erregearen ondorioz erabiltzen zen.
Informazio hau, ordea, duela gutxitik daukagu. 1799an Egipton Napoleon Bonaparteren tropak Britania Handiaren aurka borrokatzen ziren bitartean, Pierre-François Bouchard kapitainak aurkitu zuen Rosettako harria. Rosetta da Napoleonek zuzendutako okupazioaren bitartean frantsesek Rashid hiria izendatu zuten izena.
Itzulpengintzaren bilakaeraren jarraipena erlijioaren eskutik doa, erlijiosoak baitziren ahalmen gehien zituztenak. IV. mendean, Damaso I aita santuaren enkarguz San Jeronimok hebreeraz eta grekeraz idatzitako Biblia latinera itzuli zuen, garrantzi handiko liburua historian zehar. Latinera itzulitako liburu honi Vulgata deitzen zaio eta «herriarentzako» esan nahi du. San Jeronimo itzultzaileen patroitzat hartzen da egun.