Barrutik kanporako komunikazioa: Urrezko Zirkuluaren teknika
Simon Sinek publizistak, lider nagusien komunikazioa eta asmoak ikertu ostean, hiru galdera ardatz dituen teknika sortu zuen. Eskema sinplea jarraitzen duen arren, oso eredu interesgarria da. Enpresa baten komunikatzeko era definitzeko baliagarria den eredua da Urrezko Zirkulua.
Komunikatzeko modua garrantzitsua da eta proiektuaren aurkezpena erabakigarria da jendearekin emozionalki konektatzea helburu duenarentzat. Urrezko Zirkulua eredu grafikoa da: zer, nola eta zergatik galderei erantzuten die.
Zer
Atal hau begi bistakoa da, enpresa batek zer produktu edo zerbitzu eskaintzen dituen definitzen du. Negozio batek badaki zer ekoizten duen, hau da, zertan lan egiten duen. Eta zehazteko erraza da.
Nola
Enpresa batek zelan lan egiten duen finkatzen da atal honetan. Enpresa baten lan egiteko modua azaltzen du, ekintzak eta jarduna zelan gauzatzen dituen.
Zergatik
Galdera hau konplexuena da. Zein da enpresaren asmoa? Zergatik existitzen da konpainia? Zerk mugiarazten du?
Simon Sinekek defendatzen du enpresa gutxik dakitela egiten dutena zergatik egiten duten. Bere hitzetan, helburua ez da zerbait saltzea, sinesmen berdinak dituen publikoari saltzea baizik. Balio diferentziala zergatia da, berezi egiten duena besteengandik ezberdintzen.
Sineken ustez, jendeak erosten duena zergatia da, proiektuaren kausa. Hau da, publikoak ekintzara pasa eta zerbait kontsumitzen du enpresa gidatzen duen zergatiarekin bat egiten duelako. Salmenten bidez diru-sarrerak izatea ez da kausa baizik eta ondorio bat.
Zertan dago oinarrituta Urrezko Zirkulua?
Urrezko Zirkuluak giza burmuinarekin du harreman zuzena. Honek badu azalpena eta biologiaren printzipioetan sakonduz uler daiteke. Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago garuna sistema oso konplexua dela. Hain da konplexua, non zientzia oraindik garunaren ezagutzaren hastapenetan dagoen. Ulertzeko zaila da, ondorioz, sarri azalpen sinplistak ematen dira eta jendartean dagoen ezaguera ez da benetan zientifikoa.
Neokortexa
Garunaren alderdi arrazionala da neokortexa eta lotura zuzena du zer galderarekin. Arrazonamenduaz, pentsamendu analitikoaz eta hizkuntzaz arduratzen da. Pentsamendu analitikoak egoera jakin baten inguruan arrazoitu edo arazo bati buruz gogoeta egitera bultzatzen du. Zeregin zehatz baten aurrean zer egin erabakitzeko erabiltzen da edo orokorrean, hausnartzeko.
Sistema linbikoa
Sistema linbikoa da garunaren alderdi emozionalaz enkargatzen dena. Sentimenduen, giza portaeraren eta erabakiak hartzearen erantzulea da. Nola eta zergatik galderek zerikusia dute atal honekin.
Aipatu bezala, komunikazioa funtsezkoa da eta baita informazioaren ordena ere. Enpresen ohiko komunikatzeko modua kanpotik barrurakoa da. Azalpen arruntek zer egiten duten azaltzen dute lehenengo eta gero, nola egiten duten lan. Jendeak informazio konplexua ulertzeko gaitasuna du, hau da, datuak, zifrak, onurak eta xehetasunak ulertzen ditu. Baina honek ez du portaera gidatzen, azalpen horrek arrazoitzeko balio du eta ez sentimenduekin konektatzeko.