Marka, uzten dugun arrastoa
Markaren logotipoa eta koloreak baino askoz ere gehiago da marka.
Leku batetik joaten zarenean bertan geratzen direnek zutaz diotena dela diote adituek. Zure ikur bereizgarria. Lehiakideetatik bereizten zaituena.
Zergatik da hain garrantzitsua besteengandik bereiztea? Zertarako eman behar dugu jakitera gure balio bereizlea?
Blogeko aurreko postan azaltzen genuen bezala, berezi egiten gaituenak erakartzen ditu gure balioekin bat datozen bezeroak, eta prezioaren gerran borrokatu nahi ez badugu, horri eutsi beharko genioke.
Bai, logotipoa eta koloreak zure markaren elementu bereizgarriak dira. Halere, askotan, beste batzuk ahazten zaizkigu; haiek markaren komunikazioan garrantzi handia badute ere.
Gure produktuek edo zerbitzuek identitate propioa dute. Pertsona bakoitza besteen desberdin den bezala, haiek ere badute bereizgarriak. Zure dendak usain jakin bat erabiltzen du, zuen musika-zerrenda duzue, langileak estilo zehatz batekin janzten dira… Hori guztia ere da marka.
Eta, ondorioz, hura aztertu eta nolakoa den argi dugunean, identitate hori besteei nola helarazi aztertu behar dugu. Hori da, hain zuzen ere, BRANDINGA.
Brandinga, marka aztertuz
Marka aztertzeko orduan, ezaugarri asko aztertu behar dira, besteak beste:
- Izena
- Identifikatzen gaituzten koloreak
- Berezi egiten gaituzten gauzak eta hitzak
- Gure helburuak eta balioak
- Nori dagoen zuzenduta
- Lehiakideek egiten dutena
Lehiakideei, dena den, zeharka begiratu behar zaie. Bakoitzak bere identitatea du eta inspirazio gisa neurri batean baino ez genituzke erabili beharko. Horregatik, marka baten identitatea aztertzeko hainbat baliabide erabiltzen dira, elkarrizketak, urrezko zirkulua, etab. Horien artean Kapfererren identitate-prisma dugu erabilienetako bat.
Kapfererren identitate-prisma
Nork egiten du azterketa hori?
Brandinga egiten duten zerbitzuek zuen enpresaren ezaugarri bereizgarriak aztertzen dituzte eta, haietan oinarrituta, BRIEF deritzon dokumentu bat (txostena) sortzen dute. Hartan, zure enpresaren edo markaren ezaugarriak biltzen dituzte eta goian aipaturiko datuez gain, logotipoa, kolore-paleta, komunikaziorako jarraibideak, marketin estrategian goraipatu beharko zenituzkeenak, argazkiak eta abar biltzen dira.
Komunikazioaren barruan sartzen dira, nola ez, sare sozialak, iragarki edo kanpainak, irratia, telebista, aldizkariak, bezeroekin hitz egitea, networkinga, etab.
Beraz, baliabide horietan erabiltzeko testuak ongi prestatzea da egokiena. Baina ez edonola, zuen identitatea islatzen duten testuen bitartez baizik. Eta hori da, hain zuzen ere, BRANDED CONTENT deritzona edo markaren ezaugarrietan oinarritutako edukiak sortzea.
Egia da lehenen ikusten duguna logotipoa eta koloreak direla, baina ez deskuidatu zuen idatzizko edukiak.
Sare Contentsek estilo gidak sortzen ditu xede horrekin.
Zer dira estilo gidak? Zertarako behar ditugu?
Komunikazioetan gure identitatea islatzen duten hizkuntza baliabideak dira estilo gidak. Markaren tonua zein den aztertzen dutenak eta esaten edo publikatzen dugun guztiari koherentzia ematen diotenak.
Estilo gidari esker, argi izango duzu nola idatzi beharko dituzun zure edukiak, zein hitz erabili, zein sormen tresna erabili, umorea zein neurritan erabili, gure balioak nola islatu eta abar.
Koherentzia horren balioa urrea da markentzat. Eman behar zaion balioa eman, zure markak balio horri eutsi eta bezeroak ere balio hori hauteman dezan. Bere konfiantza lortuko duzu eta hori da gaur egungo marketinaren oinarria.