Komunikazio estiloak
Komunikazio estiloak elkarrekintzan sortzen diren patroiak dira. Patroi hauek komunikazioaren parte diren hitzezko elementuen (mezua), hitzezkoak ez diren elementuen (keinuak, begiradak, mugimenduak…) eta hizkera paraberbalaren (tonua, abiadura, petenaldiak, enfasia…) emaitza dira. Besteekin informazioa elkartrukatzeko era zehazten dute. Komunikazio estiloak sailkatzeko hainbat modu egon arren, hauek dira oinarrian daudenak:
- Oldarkorra: pertsona batek gainontzekoen gainetik arrazoia izan nahi duenean baliatzen da. Hala, bere iritzia besteenaren gainetik jartzen du, besteen behar eta nahiak alboratuz. Guztiaren gainetik bere ideia eta emozioak inposatzen ditu eta irabaztera bideratuta dago. Komunikazio mota honek indarkeria eragiten du, kexa, gaitzespen eta ohiuei bide emanez.
- Pasiboa: pertsona batek sentitzen duena adierazteko gai ez denean erabiltzen da. Ez ditu ideia zehatzak azaltzen ez eta ez da modu argian komunikatzen. Besteen beharrei men egiten die, behar propioak baztertuz. Ez du inoiz aurre egiten gatazkak ekiditen dituelako eta baita erabakiak hartzea ere.
- Asertiboa: ideia, sentimendu eta beharrak modu zuzen, ziur eta zintzoan adierazteko erabiltzen da. Komunikazio mota honek besteekiko enpatia eta errespetua erakusten du. Argi eta garbi komunikatzen dira eta inor mindu gabe mintzatzen dira. Egoerak egokiro kudeatzen dituzte gatazkak ez sortzeko.
Nola landu komunikazioa asertiboa?
- Entzute aktiboa mantendu: beste pertsona ulertu ahal izateko jarrera proaktiboa izatea da. Entzute aktiboaren bitartez lortzen da enpatia, hau da, beste pertsona baten errealitatera afektiboki eta emozionalki hurbiltzea.
- Mezua argi utzi: modu sinple eta zuzenean komunikatzea, justifikazio eta erredundantziak albo batera utziz. Asertibitateak norberaren iritzia adieraztean datza eta baita besteena onartzean ere.
- Lehenengo pertsonan mintzatu: norberaren ideiak, sentimenduak eta kezkak erakusteko. Horrela, beste pertsonak gure mezua lasaitasunez har dezake, erasotua sentitu gabe.
- Gorputz-hizkuntzan arreta jarri: norbaitekin hitz egiterakoan, bestek beste, norberaren jarrerari, keinuei, tonari eta mugimenduei jaramon egitea. Batzuetan ahaztu egiten dugu hitzez gain, hitzezkoa ez den komunikazioak ere gure partez hitz egiten duela.
- Ezetz esaten ikasi: limiteak jarriz norberaren behar propioak artatze aldera, betiere errespetuz egiten denean. Eta era berean, ezetza erantzun gisa jasotzea.
- Oreka bilatu: beti daude puntu komunak, hauek bilatzen saiatzea negoziatzea da, alde guztiak irabazle izan daitezen. Komunikazio asertiboak alde batera uzten ditu konfrontazioak, guztiontzako mesedegarria den alternatiba bat proposatuz.