Balio diferentziala markaren estrategian
Mintza gaitezen balioari buruz. Behin eta berriz errepikatu dugu enpresen munduan eta marken lehiakortasunean nahitaezkoa dela balio diferentziala oinarritzat hartzea, hots, gainerakoengandik desberdintzen zaituen hori. Kontsumoan paradigma aldaketa bizi dugu. Lehen saltzeko balioa komunikatzen zen eta egun bezeroentzako balioa sortzera zuzentzen gara. Orain ezberdinak izateko beharra daukagu. Eduki bakar eta esklusiboak sortzean datza.
Aldaketez betetako momentua igarotzen ari gara. Dena oso azkar doa, eta honek datorrenera egokitzeko gaitasuna garatzera garamatza. Guzti hau egoera ezegonkor batean kokatzen da, hau da, VUCA ingurunean (ingelesezko akronimoa). Termino honek kontzeptu hauek biltzen ditu:
- Aldakortasuna: aldaketak azkar eta aurreikusi gabe gertatzen dira.
- Ziurgabetasuna: ezin ditugu etorkizuneko gertakizunak aurreikusi.
- Konplexutasuna: testuingurua ulertzeko zaila da.
- Anbiguotasuna: hainbeste informazioaren aurrean nahastuta sentitzen gara.
Egoera honek sektore guztiengan du eragina eta enpresek aldaketara egokitzeko beharra sentitzen dute. Bada, marketinean aditua eta analista digitala den Brian Solisek esan bezala, kontsumitzaileen beharrak aintzat hartzea beharrezkoa da. Izan ere, enpresek premisa honen arabera mugitu beharko lirateke.
Aurretik aipatutakoa saltzeko moduan ere islatzen da. Marketin tradizionala, adibidez, aldebakarrekoa da, mezu publizitarioak norabide bakar batean igortzen dira, markatik kontsumitzailearengana. Baina marketin digitalean elkarrekintza aldebikoa da, kontsumitzaileak subjektu pasiboa izateari uzten dio eta marka eta erabiltzaileen arteko komunikazioa posible da.
Marketinean, balio-proposamena enpresak eskaintzen duen produktu edo zerbitzuari buruz bezeroari egiten dion adierazpena da, produktu edo zerbitzua zertarako den komenigarria edo beharrezkoa, bere beharrak zergatik asetuko dituen eta lehiakideena baino hobea zergatik den azaltzen duena. Balio-proposamena enpresak bezeroari egiten dizkion komunikazio guztietan azaldu beharko litzateke eta argia, sinplea, ulerterraza eta bakarra izan beharko litzateke.
Eta zuri, zerk egiten zaitu ezberdin? Zer duzu besteek ez dutena? Zein da zure balio diferentziala?